XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erreta Kontatu didate ETBkoak berriro parrila aldatzekotan direla Parrila, telebista hizkuntza, programazioari deitzen diote, nonbait eskema egin ondoren, paper gainean dagoenak tresna horren itxura duelako.

Etimologi errazak alde batera utzita, garbi dago honela ez goazela inora.

Oraingoan hilobiratu behar den saioa Arkupe izenekoa da.

Badirudi atzokoa edo datorren astekoa azkenengoa izango dela eta istorioa honela bukatuko zaiola kultural bezala izenpetzen zen saio honi.

Kultural izen horrekin denetatik nahasten zuen eta azken erakusketen ondoan antzerki estrenaldi edo kulturaren edozein arlotan mugitzen ziren jendeak aurkezten zituen.

Egia esan ez ninduen behin ere ase.

Denetatik eta ezertaz ez hitzegite horrek, helburu zehatzik gabe ekintza desberdinak pilatzeak, inondik hartu eta heldu ezin zen produktu bat osatzen zuen.

Gauza onak egiten zituzten, orain dela gutxi Oteizari eskainitako erreportaia bezala, eta noizbehinka elkarrizketa interesgarria ikusteko aukera ere izan genuen, baina hauek ez ziren saioaren ardatza markatzen zutenak.

Erakunde ofizialek bultzaten zuten guztia jasotzen zuten, baina noizbehinka kultura marginalera hurbiltzen ahalegintzen ziren, emaitza zoriontsurik gabe hala ere.

Behin batean Hertzaina taldeko Gaby eraman zuten Europan zehar egindako itzuliaz hitzegiteko eta Lakanbrak rock musikaz ezertxo ere ez zekiela garbi utzi zuen, galdera baldar batzuren bidez.

Bere alde onak bazituen eta hilean behin literaturari eskainitato saioa burutzen zuten.

Joserra Gartziak gidatutato saio honek berezitasun haundiak zituen beste ohizko saio eta baita ere ETBk kulturari eskainitato saio askorekin.

Estilo pertsonal bat ematen zion eta aldekoak eta aurkakoak izan arren bere bustitze honek bixitasuna ematen zion.

Kontua ez da txarra edo ona izateagatik desagertzea, arazoa zera da, sortzeko eta desagertzeko ez dela arrazoi garbirik egon.

Baina horrela mugitzen dira gure txori buruzagiak: noraezean.

Ortuondo sartu zenean programazioa finkatzea jarri zuen helburutzat.

Hau, ordea, urritik hasita egin den hamargarren aldaketa izango da gutxienez taldeka gertatu direnak bakar bat bezala kontatzen baditugu.

Ikaragarri gustatzen zaie parrila aldatzea eta batzutan egun batetik bestera egiten dute, segur aski tele-ejekutiboren bat indarrez edo haserre jeiki delako.

Parrila saioen ordez arrainak edukiko balituzte erreta aterako litzaizkieke hainbeste mugimendurekin.

Saio batzuk daramaten bizitza mugikorrarekin zaila izango dute ikuslegoa agurtzea ere, gabon ala arratsaldeon esateko orduan asmatuko duten jakin gabe.

Egindako aldaketa batzutan asmatu badute ere, honek ez die kentzen hauei froga itxura.

Puzzle bat osatu nahian dabiltza, erabiltzen dituzten piezak egokiak diren jakin gabe.

Hau projektu osagabea lanean hasteagatik gertatzen zaie.

Eta gauzak uste bezain ondo ateratzen ez direnean inkestetara jo behar eta hauek batere fidagarriak ez direnez, beste bi irtenbide gelditzen zaizkie, bata bestea bezain txarra: lagunei galdetzea edo beroriez idazten dugunoi irakurtzea.

Lehengoak isildu egingo dira lagunik gabe ez gelditzearren eta bigarrenok telebista aurrean hainbeste ordu igaro ondoren kritika txarrak besterik ez dakigulako egiten deformazio profesionalaren eraginez.

Gora eta behera ibiltzen diren saio horietako langile eta egileak nahiko erreta egongo dira, goikoek arduraz edo maitasunez egindako lanari ematen dioten tratuagatik.